IGERIKETA

IGERIKETA

Info

Ingurune urtarra gustuko duten haur eta gazteentzako igeriketa-ikastaroak, maila bakoitzera gehien egokitzen den taldean parte hartzeko aukerarekin.

Atala hiru mailatan banatuta dago: hastapena 1, hastapena 2 eta sakontzea. Eskolen dinamika ikasleak mailak gainditzen joatea da egiten duten eboluzioaren arabera, igerian modu egokian egitea lortu arte.

Larraina Kirol Zelaiaren helburua atal honetako neska-mutilen maila egokitzea da, waterpolo-atalean sartzeko.

  • Hastapena 1: urarekin lehen harremana duten eta laguntzarik gabe mugitzeko gai ez diren ikasleentzat da. 4 eta 6 pertsona arteko taldeak.
  • Hastapena 2: burua sartu eta laguntzarik gabe bi metroko joan-etorria egiteko gai diren ikasleentzat. 4 eta 6 pertsona arteko taldeak.
  • Sakontzea: Igerileku txikiaren zabalera laguntzarik gabe zeharkatzeko gai diren eta uretara jauzi egiten duten ikasleentzat da. 5 eta 10 pertsona arteko taldeak.

Klubaren waterpoloko tradizioa dela eta, Larraina Kirol Zelaiaren igeriketa-eskolak bereziak dira ikaskuntzan zehar baloia erabili ohi delako, ikaslea berarekin ohitu dadin.

Temporada 2020-2021: del 1 de octubre de 2020 al 30 de mayo de 2021. Inscripciones cerradas.

Osasun- eta kirol-arloan etorkizunean ezar litezkeen araudiek Larraina Kirol Zelaiko kirol-plangintza alda dezakete, COVID-19ak eragindako pandemiaren inguruko indarreko protokoloak eguneratu ahala. Aldaketa horien berri emango diegu gure bazkide eta kirol-erabiltzaileei (edukiera murriztea, jarduerak etetea, ordutegiak aldatzea, etab.).

IGERIKETA

ORDUTEGIAK

HASTAPENA 1
Astelehen eta ostiraletan: 17:30etik 18:00etara eta 18:00etatik 18:30era
Astearte eta ostegunetan: 17:30etik 18:00etara eta 18:00etatik 18:30era
Asteazken eta larunbatetan: 17:30etik 18:00etara (asteazkenak) eta 11:30etik 12:00etara (larunbatak)
Asteazkenetan: 16:30etik 17:00etara
Ostiraletan, 16:30etik 17:00etara
Larunbatetan: 10:30etik 11:00etara

HASTAPENA 2
Astelehen eta ostiraletan: 17:30etik 18:00etara eta 18:00etatik 18:30era
Astearte eta ostegunetan: 17:30etik 18:00etara eta 18:00etatik 18:30era
Asteazken eta larunbatetan: 17:30etik 18:00etara (asteazkenak) eta 11:30etik 12:00etara (larunbatak)
Asteazkenetan: 17:00etatik 17:30era
Ostiraletan, 17:00etatik 17:30era
Larunbatetan: 11:00etatik 11:30era

SAKONTZEA
Astelehen eta ostiraletan, 18:30etik 19:15era
Astearte eta ostegunetan, 18:30etik 19:15era
Asteazken eta larunbatetan: 18:30etik 19:15era (asteazkenak) eta 12:30etik 13:15era (larunbatak)

IGERIKETA

HISTORIA

IBILBIDEA

Igeriketa izan da Larraina K.Z.-aren historiaren oinarrietako bat.

Klubaren eguneroko bizitza igerilekuaren eta frontoien ingurukoa izan da inauguratu zen egunetik. Bi instalazio horiek eskualdeko eta nazioko txapeldun handien sorleku izan dira, eta klubeko bazkide asko pertsona eta kirolari gisa trebatzen lagundu dute.

Hain zuzen ere, Larraina K.Z.-an egindako lehen igeriketa-lehiaketa (Nafarroako IV. Igeriketa Txapelketa) 1933ko abuztuaren 13an izan zen, instalazio inauguratu berrietan. Han izan ziren Huici, Taberna, Andrés Aldaz, Azpilicueta, Barón, Pastor, etab., gehienak Club Natacióneko kideak, gure sortzaileetako batzuk atera ziren klubekoak.

Ondorengo urteetan, Nafarroako Txapelketak Larraina K.Z.-an egin ziren, Club Nataciónen egindako jardunaldi batzuekin txandakatuz. Aipatzekoa da 1934an Nafarroako Igeriketa Federazioa eratu izana. Gerra Zibilak txapelketarik gabeko parentesi bat ireki zuen. Txapelketak 1941ean itzuli ziren.

1944an eratu zen ofizialki Euskadi eta Nafarroako Igeriketa Federazioa. Lehenengo txapelketak Gasteizen egin ziren, eta hurrengo urtean, Larrainan.

1940ko hamarkadaren erdi aldera, Larraina K.Z.-ko igerilariak Nafarroako Txapelketetan nagusitzen hasi ziren, bai kategoria absolutuan, bai haur kategorian. Bengaray, San Julián, Goñi, Altadill eta Urrutia lehen postuetan ageri ziren proba guztietan. Hain zuzen ere, Bengarayk garai hartan ezarritako Nafarroako errekorrak gainditzerako, hogei urte baino gehiago igaro ziren.

ERABATEKO NAGUSITASUNA ETA IGERILEKU ESTALIA

Klubaren nagusitasuna 1953an etorri zen. Larraina K.Z.-ko igerilariek helduen kategorian eta haur kategorian irabazi zioten Tenis, Piscina Militar eta Natación klubetako igerilariekin osatutako selekzioari. Baina Larrainatik ateratako igerilari asko Tenis eta Oberena klubek fitxatu izanak bolada txarra ekarri zion Aldapako klubari. Kluba ez zen suspertu 1960an Zuzendaritza Batzordeak Julio Llorente entrenatzaile madrildarra kontratatzea erabaki zuen arte. Harekin lortu zuten mailarik onena honako igerilari hauek: Miguel Inda, Julio Senador, Pedro Pablo, Rafael Archanco, Javier Amatria, Javier Archanco, Alberto Murillo eta Javier Berraondo.

Igerileku estaliarekin batera, Larraina K.Z.-ko igerilarien erabateko nagusitasun-aldia iritsi zen, eta klubeko igeriketa ere suspertu egin zen. Susperraldia Euskadi eta Nafarroako txapelketetako erabateko protagonismoarekin hasi zen eta txapelketa nazionaletan ere dominak lortu zituzten, bai behe-mailako kategorietan eta bai kategoria absolutuetan.

Garai hartako protagonista nagusia Juanito González izan zen. Bere giza kalitate bikainarekin, Nafarroako kluben arteko desadostasun txikiak ezabatzea eta inoiz izan ez den batasun-giroa sortzea lortu zuen. Gonzalezek berak emaitza bikainak lortzeaz gain, entrenatzaile bihurtzeko grina sartu zien gazte askori, horien artean Fermin Mansori.

NAGUSITASUNAREN AMAIERA

1966an, Alfredo Saraldi, Miguel Irañeta, Alberto eta Arturo Pastor eta Fermín Manso bera lehen aldiz joan ziren kluben arteko Espainiako txapelketa absolutu batzuetara. Hurrengo urtean, haur- eta gazte-mailako txapelketa nazionalak Larrainan egin ziren. Miguel Irañeta txapeldun atera zen 100 metro libreko kategorian, eta Juan Jose Arrizabalaga hirugarren gelditu zen tximeleta-estiloko 100 metroko kategorian. Urte horretan bertan, Emilio Huerta Espainiako txapeldun izan zen Haurren Eskola Kiroletan, bular- eta tximeleta-estiloetan.

Taldeak aurrera egiten jarraitu zuen, eta, 1969an, Euskadiko eta Nafarroako txapelketa absolutuetan irabaztea lortu zen, neguan eta udan. Irañeta, Saraldi, Seoane, Ezquieta, Escribano eta Pastor erretiratu ahala, Larraina K.Z.-aren potentzialak behera egin zuen Amayan talde handi bat agertzearekin batera. Nolanahi ere, Zabalza, Elizalde, Arriazu eta Carlos Ramosek banakako arrakastak lortzen jarraitu zuten; batez ere, Ramosek, izan ere, borondatean eta norbere buruarekiko konfiantzan oinarritutako etengabeko progresioarekin, brontzezko domina lortu zuen, bular-estiloko 100 metro eta 200 metrotan, Iruñeko Club Nataciónen egindako txapelketa nazional absolutuetan. Ramos bost aldiz izan zen igeriketako A talde nazionaleko kide, eta beste bost aldiz, B taldekoa. 24 urterekin, jarraitu beharreko eredu bihurtu zen, eta hainbat eta hainbat urtez Nafarroako errekorren tauletan agertu ziren markak ezarri zituen.

Aipamen berezia merezi du Jesús Ramosek ere, bere anaia Carlosen urratsei jarraituz klubean hasi zenak. Espezialista zen bular-estiloko 100 metroko proban, eta urrezko domina lortu zuen 1974ko Espainiako Txapelketan (Girona), eta zilarra, 1975ean (Burgos), eta Espainiako Igeriketa Selekzioko kide izan zen garai hartan. 1975ean, Luxenburgoko Nazioarteko Lehiaketan (Europako Igeriketa Txapelketaren antzeko zerbait) laugarren geratu zen bular-estiloko 100 metroko proban.

1976-77 ikasturtean, Bartzelonan egon zen Blume egoitzan. Hurrengo urtean, 18 urterekin, Medikuntzako ikasketak egiten hasi zen, eta goi-mailako entrenamendu eta lehiaketei uko egin ala unibertsitate-ikasketei uko egin erabaki behar izan zuen. Bigarrenak pisu handiagoa izan zuen.

Ramos anaietako azkenaren ondoren, Larrainako igeriketa zulo batean sartuta geratu zen, eta Jorge Garcia baino ez zen gai izan Espainiako txapelketa absolutuetan lehiatzeko. Ondoren, beheraldia Nafarroako igeriketa osora hedatu zen, beren adineko mailan etorkizun ona ziurtatzen zuten igerilariak agertu ziren arren; Mikel Garay, esaterako, 9 urterekin bosgarren izan zen 9-10 urteko kategorian bizkar-estiloko 100 metroko proban Genevako Nazioarteko Txapelketetan.

IGERILARIAK ETA WATERPOLO-JOKALARIAK

Larrainako igerilariek waterpoloarekin uztartzen zuten beren jarduera. Diziplina horretan lortutako arrakasten ondorioz, pixkanaka-pixkanaka igerilariak waterpoloa lehenesten joan ziren, lehiaketako igeriketaren kaltetan. Hala eta guztiz ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Larrainako igerilariek Nafarroako txapelketetan parte hartu zuten, emaitza onak lortuz, baina Espainiako txapelketetara joateko aukera emango zieten markarik egin gabe. Garay, Echandi, Aranguren, Ezpeleta, Ruiz Taberna, Eguino, Garces eta Pueyoren garaia izan zen. Waterpoloko lehiaketetako emaitza handiez gain, igeriketako lehiaketetan ere nabarmentzea lortu zuten. 1980ko hamarkadan, ez zen ia batere lehiatu igeriketako probetan. Eskolek funtzionatzen jarraitu zuten, baina gehiago waterpoloa praktikatzeko helburuarekin.

Nabarmentzekoa da beste talde batzuetatik igerilari batzuk klubera etorri izana. Lehiaketa-igeriketaren praktika aktiboa gaztetan utzi ondoren, Larraina K.Z.-an waterpoloan jokatzen hasi ziren, eta, gainera, urrezko aroa osatu zuten diziplina horretan. Chocarro, Irurtia, Jauregi edo Oficialdegui igerilari bikainak izan ziren, eta beteranoen mailan ere igeriketa-txapelketa batzuetan lehiatzen jarraitu dute. Nafarroan egiten zen lehiaketa tradizionalenetako bat, Larraina K.Z.-an egin ohi zen igeriketako San Fermin Torneoa zen. Gizonezkoek eta emakumezkoek parte hartzen zuten. Hasiera batean, 400 metro libreko probak egiten ziren, baina, azken urteetan, Bazkidearen Egunean, waterpoloko jokalariek lehiaketan aukera izan zezaten, 50 eta 100 metroko probak ere antolatu ziren.

1990eko hamarkadaren amaieran eta mende honetan berriro, igeriketa-lehiaketa batzuetan parte hartu zen, baina jarraipenik gabe eta batez ere gazteen kategorietan. Klubeko waterpoloko jokalari onenetako batzuk, zenbait urtetan eta lankidetza-hitzarmenei esker, Amaya taldearekin lehiatu ziren. Unai Castells, Mikel Reta eta Mikel Artola izan ziren horiek. Zenbait lehiaketatan, Zabalza anaiak, Sendoa Saraldi, Juan Andres Lopez, Irurtia, etab. saiatu ziren Nafarroako hainbat txapelketatan haiei aurre egiten, batez ere crawl- eta bular-estiloetako distantzia laburretan.

IGERIKETA

ENTRENATZAILEAK

Asier Expósito Sola

Martín Chocarro García

Jesús Domínguez Díaz

Iván Zulaica Oroz